XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

14. Gutuna IPUINA

Antigualean Inperio arrotz batek gure herria okupatu zuelarik, jendea errebelde altzatu zen herriska eta mendietan.

Erresistentzia talde tipitan antolatzen zen han hemenka, baina gure jendeak ez zuen apenas harmarik Enperadoreari aurre egiteko, eta bere harmada handiak bere larderia ezarri zuen nahinon.

Egun batez, errebelde batzu oihanaren bihotzean zihoaztela, suge bat agertu zitzaien bideska bazterrera.

Sugea aizkora bat inguratuz zutitzen zen.

Eta sugeak esan zuen: Har ezazue aizkora hau.

Gazte errebeldeek aizkora hura hartu zuten, sugea artean sasitzetan ezkutatzen zela.

Eta harrez gero gure herriko burrukariek, aizkora harekin, gerla krudel eta luzeari hasiera emanaz, Enperadorearen soldadoei kontra egiten zieten.

Behin eta berriro burrukatu ziren, eta erori ziren soldadoak, eta erori ziren errebeldeak, eta gerlak horrela iraun zuen hamaika eta gero beste hamaika urtetan zehar.

Harik eta Enperadorearen harmada gogaitu zen arte.